2009-05-23




2009-05-19

Bidegurutzean

Heldu behar zuen egunak; banekien, zain nengoen, baina ez da gustukoa.

Ohartuko zinetenez (eta ez dakit oraindik pluralik erabil dezakedan) blog-a beste errekor bat lortzeko bidean doa, edo aurretik lortutakoren bat berdintzera bai gutxienez. Ez da lehen aldia, eta orain arte beti eman izan diot buelta egoerari (aitzakia merkeen babesean).

Zerbait aldatu egin da, ordea. Ia azken post-a idatzi nuenetik, ia idazten ari nintzela, zalantzan nengoen. Eta orduan denboraren joanean jarri banuen itxaropena ere, gaur da zirt edo zart egiteko eguna. Blog-a trabatuta dago, ni bezala, eta egia esan ez dakit zer egin askatzeko. Inspirazio krisia izango da, edo azterketen gertutasuna, edo auskalo. Ilusio ikaragarriz hasitakoa gogo berarekin jarraitzea zaila ikusten dut, finean. Asmo batekin sortu nuen, eta asmoa agortu egin da edo ez da bera. Jada ez dut ia inoiz idazten, eta hasieratik politikak bere garrantzia izan badu ere, azken aldian ez dut beste ezeri buruz idatzi. Eta ez dut nahi blog-a bere buruaren kopia eskas bihur dadin.

Beraz, eta beste ezer bururatu arte, akabo. Ez dakit berriz idatziko dudan, edo noiz izango den. Ez dakit blog-a mantenduko dudan (agian bai, eta Google-k borra dezala), ez dakit besterik hasiko dudan.

Oraingoz horrelaxe utziko dut, izan denaren oroigarri, nahi duenarentzat. Baina ez dut uste gehiago idatziko dudanik, luzaroan ez behintzat. Mila esker honaino heldu zaretenoi eta beste bat arte.

2009-04-01

LXX Año Triunfal


En el día de hoy, cautivo y desarmado el ejército rojo, han alcanzado las tropas nacionales sus últimos objetivos militares. La guerra ha terminado.
Burgos, 1º de abril de 1939, año de la victoria.
El Generalísimo.
Fdo. Francisco Franco Bahamonde.

70. urtea gaur idatzi honek Gerra Zibila amaitu zuenetik. Ia 3 urteko gerra, urtebete baino gutxiagokoa hemen. Ia 40 urteko diktadura ondoren. Eta gero, aldaketa. Edo aldaketa egon dela saldu beharra.

Zertarako 70 urteren joana, zertarako hainbeste borroka. Zertarako Patxiren estatuak kendu. Zertarako eta Juan Carlos I Rey de España y los españoles por la Gracia de Dios jaunak hor jarrai dezan, bere semeek jarraituko duten bezala, eta bere bilobek, eta ondorengoek...

Eta hemen, "provincias traidoras" hauetan, berriz ere jendaila bera izan dezagun agintean, Opus-ari eta preserbatiboak ez erabiltzeari gorazarre egiten jarraitzen dutela. Orduan altxamenduari aurre egiteko ausardia izan zutenek lagunduta, gainera.

1º de abril de 2009, LXX año de la victoria.

2009-03-28

Indarrak Batuz

Heavy Metala (edo Metal hutsa) benetan ezagutzen hasi nintzenean, Metal euskaldunak zer esana bazuela ohartu nintzen berehala. Hain herri txikia izanik harrigarria egiten zitzaidan hainbeste talde egotea eta onak guztiak, ezagutzen nituen guztiak behintzat: Su Ta Gar, Latzen, Asgarth, Hira, Azken Garrasia, Elbereth, orain gutxi ezagutu dudan Ehun Kilo... eta Mendeku ItXua.

Usurbilgo talde hau institutuan dantzan zebilen maketa baten kopia batez ezagutu nuen. Hain zen underground-a, pirata nahi baduzue, ezen izena ere gaizki idatzita zegoela iruditu baizitzaidan. Baina lehenengo entzunalditik sartu zitzaidan barru-barruraino. Garai hartan, gainera, Euskadi Gaztea-ko (badirudi orain Gaztea bakarrik dela... Euskadi Gaztea-rekin hasi ziren, eGaztea ondoren eta orain Gaztea... zein da hurrengo pausoa -Sorkun zentsuratzeaz gain-, G huts bat?) maketa lehiaketan parte hartzen ari ziren Lehortu gabeko malkoak singlearekin. Esan beharrik ez dago bueltaka zebilen diskatxo horrek boz asko irabazi zituela taldearentzat. Gero baliorik izan ez zuten bozak, Mendeku itXuak irabazi bazuen ere, izen aldakorreko irratiak ehundaka boz baliogabetu zizkion eta, hirugarren edo laugarren postura jaitsiz. Beno, eurentzat kalte. Handik pare bat hilabetera, taldea Zarauzko Putzuzulo Gaztetxera etorri zen bertako Ipar Haizea taldearekin kontzertua ematera. Egia esan orduan kanta bat bera ere ez nuen ezagutzen, baina agerian utzi zuten euren kalitatea eta indarra, eta izugarri gozatu genuen (jo zituzten eta ezagutzen genituen Su Ta Gar-en pare bat bertsiorekin, batez ere).

Ondoren lehen diska izango zenaren grabaketari ekin zioten. Zigilua hasi berria zen Ortots Burdin Hotsak zen, eta hasiberri guztien arazoak zituen: txikia zen oso, web orri nahiko ezaguna bazuen ere (Herriko Burdina), eta zaila izaten zen grabaketa prozesuaren edo irteera dataren berri izatea. Gauzak horrela, izugarria izan zen Usurbilgo jaietara joan (uztailan, bertan jotzen zuen Skasti taldea ikustera) eta ustekabean hango txosna batean diska topatzea, 5€ truke gainera. Eta zer esan... talde baten lehen diska izateko bikaina, eta hobetzen jarraitzeko aukera handiekin. Luzaroan ibili nintzen entzun eta entzun, eta ordutik taldearen nondik norakoak jarraitzen ibili naiz. Baxujole berriaren sarrera, bideoklipa... eta diska berriaren grabaketa!

Eta hemen emaitza. Indarrak Batuz da bigarren diska, irten berria. Ortots zigiluarekin hau ere, 8€-gatik. Oraindik entzuteko betarik ez dut izan (eskatu berri dut, ea noiz iristen den), baina euren MySpace-an badira 5 kantu, eta diska osoak horien antzik baldin badu, izugarria izango da. Gomendatua guztioi, hemendik eta orain.


PD: luzetxoa irten zait, baina taldeak merezi du. Benetan.

2009-03-19

Irudia eta mila hitzak

Buruari bueltaka nenbilela, utopia deritzoten baina hausnarketari ematen diodan ia denbora osoa jaten duten ideia eta asmoei helduz, orain urtebete inguru irakasle batek jarri zigun irudi berbera jarri nahi dizuet. Espero gabeko kolpea izan zen, harrituta geratu nintzen irudi batek hainbeste gauza azal zitzakeela ohartzean. Betiko lelo, diskurtso edo sloganetatik haratago, hemen irudia eta zuetako bakoitzarenak mila hitzak. Laguntzatxo bat hausnarketarako: argi indarra, hiri eta herrietako kaleetan behintzat, XX. mende hasieran ezagutu zuten lehen munduan. Argazki hau orain pare bat urtekoa da.

2009-03-02

Biharamuna

Hauteskunde osteko aje egun honetan, etengabeko datu eta analisiek bonbardatzen gaituztenean, zaila da ezer esatea. Hiru gauza, hala ere:

1. Hauteskundeak EAJ-PNV-k irabazi ditu. Demokraziaz egin daitezkeen interpretazioak ia amaiezinak dira, baina irabazten duen alderdia bakarra da. Eta argi irabazten badu, blanco y en botella. Eta EAJ-k bozen %40 lortu badu, esan dezala Lopez-ek Euskadik aldaketa nahi zuela eta hala adierazi duela. Esan dezala... eta lotsa izpirik gabe esan dezala.

Ah, esan zuen eta atzo gauean!

2. Hauteskunde hauetan, boto abertzale erabat gehiago egon dira. Eta D3M ilegalizatu-anulatu-marjinatuarenak kontatu gabe. Boto ehunekoan ere, legelbiltzarrera sartzea lortu duten alderdi konstituzionalistek baino portzentaia handiagoa lortu dute EAJ, EA eta Aralarrek batera.

Aldaketa nahia berriz ere agerian, noski baietz.

3. Atzo, bozen %100 zenbaturik zegoela, Lopez jaunak esan zuen (buruz ari naiz) amaitu zela "batzuk besteen aurka" jartzeko garaia eta "fronte politika". Ondoren, aurpegia aldatu gabe (beno, agian bere bekain errebelde horrek keinuren batekin traizio egin zion), lehendari izateko hautagai aurkezteko asmoa berretsi zuen, beharrezko zituen babesen bila hasiko zela esateaz gain.

Baina babes horiek ez ditu PP eta UPyD-n baino aurkituko, edo agian EB-n (eta harrituko nintzateke); beraz, demagun Lopez PSE, PP eta UPyD-ren bozekin suertatzen dela lehendakari. Eta hori ez al da frontea? Ez al da "la mitad de los vascos contra la otra mitad" jartzea, hainbestetan aipatu denez?

Bai, noski. Baina ñabardura du, eta garrantzitsua. Abertzaleek egin lezaketen frontea txarra eta gaiztoa da, separatista eta abenturazalea. Espainolistena, aldiz, inoiz zalantzan jarri beharko ez litzatekeen marko konstituzional sakratua berrestera datorrena da, eta horretarako berdin dio frontea sortu edo ez. Garrantzitsuena Ajuria Enean Francisco Javier Lopez izeneko morroia jartzea da, kosta ala kosta. Y donde dije digo...

Hemendik aurrera, egin dezatela nahi dutena. Argi gera dadila bakoitzaren "ohorea", egoera ulertzeko ahalmena eta besteekiko (gehiengoa garen besteekiko, ez dezagun ahaztu) errespetua.

Gauza bat argi: EAE abertzalea da, ilegalizazio, Lurralde Historikoen lege eta Brunete Medatikoaren gorabeheran. Gainerakoan, hor konpon!

2009-02-19

Envíos de propaganda electoral

Bilbotik itzuli eta logelara sartzean, mahai gainean ohikoa dena baino eskutitz gehiago zeudela ohartu eta begira hasi naiz, ea nondik norakoak ziren. Banketxeko bat, azken mugimenduekin; harpidetu naizen azken bildumako informaziodun beste bat... eta, noski!! alderdi politiko bakoitzaren gutun bat, adeitasunez nire bozka eskatuz. Beno, alderdi politiko bakoitzeko bat ez, egia esan. Aurkeztu ahal izan duten alderdietako bakoitzetik bat. Aralar, Ezker Batua eta UPyD izan ezik. Ongi da, ez dira guztiak... baina inpresioa bera izan da.

Bidaltzeko ahalegina egin dutenez (izen oso eta guzti, auskalo nondik auskalo noren baimenarekin lortutako helbidera), begiradatxo bat bota diot bakoitzari: PP eta PSEkoak oso antzekoak biak, orri bat erdaraz eta euskaraz euren arrazoiak emanez, hautagaiaren argazki eta sinaduraz. Orri hau paper zuriz egina. Beste gutunazal batean zerrenda osoa, etxetik bozka erabakita eraman nahi duenarentzat. Gutunazal hau eta zerrenda daraman orritxoa, paper birziklatuz eginak. Formalegiak iruditu zaizkit eta bi alderdi horiek graziarik gutxiena egiten didatenak dira, beraz ez ditut irakurri. Zerrendak bakarrik begiratu ditut, izen barregarriak egoten direlako. Eta ez didate hutsik egin, eskerrikasko beraz hain izen xelebrea duen jendeari, horrelako zerrenda batean jartzeko adoreagatik.

Ondoren EAren gutuna hartu dut. Gutunazala eta gutuna dena bat da, kanpainarako hartu duten kolore hori-beltzaz, obretan jarri ohi dituzten seinaleen gisara. Gustatzen zait, besteen aldean ezberdina eta erakargarria deritzot. Beraz, honi denbora gehiago eskaini diot. Benetan landutako diseinua, zerrendako lehen hamar hautagaien argazkiekin (esan behar dut niri bidali dizkidatenak Gipuzkoako zerrendak direla) eta euren programako puntu nagusienekin. Horrek huts egiten die, ordea: edukiak. Nahi eta ezina, EA honena. Gutuna plastifikatutako paperez egina, eta zerrenda paper birziklatuz.

Azkenerako utzi dut "onena". EAJrena, noski. Eta ez dit EAJk bidali, eta ez da besteen antzerako programa-arrazoi-bozka eskaera. Ez. EGIren izenean dator (hau da, EAJren gazteriak diren Eusko Gaztedi Indarra) eta auto baten atzeko aldea ikusten da. Eta neska eta mutil baten hankak ere bai. Eta letra handiz jartzen du "Zure lehenengo aldia". Eta, irekiz gero, kondoi bat ageri da erdi-erdian, arrosa kolorekoa. Eta segurua dela dio, fidagarria, jartzen erraza. Lehen aldirako egokiena. Eta aurrera jarraituz, "kondoia" Ibarretxe dela ohartzen zara. Bene-benetan ari naiz.

Eta pentsatzen hasten zara... eta ez EAJren azken okurrentziari buruz bakarrik. Benetan uste al dute zentzu eta neurririk gabe ahal duten etxe guztietara bidalitako paper mordo horrek zerbaitetarako balio duenik? Eta gaztea naizelako niri bidalitakoak txatxuagoa izan behar duela uste al dute? Horrela nigana errazago helduko direlakoan? Eta nori otu zaio hauteskundeak sexuarekin lotzea? Nori gazteoi interesatzen zaigun bakarra hori dela (edo hori dela gehien interesatzen zaiguna)? Ohartzen al dira hautesleetan gazteenak 18 urte badituela eta horrelako lerdokeriek ez dutela balio adin batetik aurrera?

Eta... eta... eta... bai, hamaika galdera. Eta erantzuten errazena: zergatik da iritsi ez zaidana iristea nahiko nukeena? Edo, beste modu batera: iritsiko ez zaidala badakidalako al da iristea nahi dudana?